1. Hasi
  2. Udaltzaingoa
  3. Bide segurtasuna
  4. Bide heziketa

Bide Heziketa

Bide-heziketaren inguruko jardueren programa asmo handikoa da. Eskolaren esparruan, Haur Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara bitarteko ikasleak hartzen ditu, eta, horretaz gain, beste esparru batzuetara ere zabalduta dago, esate baterako hirugarren adineko pertsonengana, profesionalen elkarteetara, etorkinengana eta abarretara.

Bide-heziketa Iruñeko Udaltzaingoan

Bide segurtasunari buruzko ekimenak indarrean den Bide Segurtasuneko Planaren proposamen garrantzitsuenetakoak dira. Ekimen horiek Trafikoko Saileko Planifikazio Brigadaren baitan dagoen Bide Heziketako Taldeak jartzen ditu martxan; bertan, asmo handiko jardueren programa bat garatzen dute, bide-segurtasunaren arloan sentikorren diren talde eta kolektibo gehienetara iritsiz. Indarrean den Antolamenduari buruzko Erregelamenduak honako eginkizun hauek esleitzen dizkio, besteak beste, Planifikazio Brigadari: bide-heziketaren arloan eginen diren jardueren planifikazioa, prestakuntza eta gauzatzea, eta bide-heziketako haurrendako parkeari laguntza ematea.

Bide Heziketa eskoletan eta unibertsitatean

Bilatzen den helburua ikasleen artean Bide Heziketaren arloko prestakuntza eta sentsibilizazioa bultzatzea eta indartzea da, adin guztietan eta, bereziki, derrigorrezko hezkuntzako zikloetan. Hona hemen 2009. urteari dagokion jardueren kopurua:

  • Haur Hezkuntza: 267 jarduera, 6.768 ikaslerekin.
  • Lehen Hezkuntza: 431 jarduera, 11.556 ikaslerekin.
  • Bigarren Hezkuntza: 55 jarduera, 1.593 ikaslerekin.
  • Batxilergoa
  • Unibertsitate-ikasketak: hitzaldiak ematen dira, abiadurari, ausarkeriaz gidatzeari, alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzeari eta unibertsitateko ikasleen segurtasuna hobetzen ahal duten beste gauzei buruzkoak. Hitzaldiak dinamikoak eta erakargarriak izan daitezen prestatzen dira, parte-hartzeko modukoak, eta, horien osagarri, saio praktikoak egiten dira, hala segurtasunez gidatzen ikasteko nola etilometroak probatzeko.

Bide Heziketa, intereseko beste talde batzuei zuzenduta

  • Hirugarren adinekoak: Horiek ditugu harrapaketak gehien pairatzen dituztenetako batzuk; horren zergatietako batzuk izan daitezke haien gaitasunetan izan dezaketen murrizketa eta inguruan duten munduarekiko pertzepzioan aldaketak gertatzea. Behin eta berriz gogorarazi behar diegu jadanik badakiten hori, eta gogorarazi oso garrantzitsua dela segurtasuna mantentzea egiten dituzten joan-etorrietan.
  • Minusbaliotasunen bat duten pertsonak: Programa honetako ekintzak eta ikasleen programan egindakoak oso antzekoak dira, baina kolektibo ahul honen kasuan haiei egokituriko aldaketa batzuk sartzen dira.
  • Etorkinak: Kolektibo honek berezitasun batzuk ditu, arrriskua eta segurtasuna ulertzeko modu ezberdinekin lotuak. Beharrezkoa da haiengana iristea, Nafarroako gizarteak bide-segurtasunari buruz dituen balioak helarazteko.
  • Guraso elkarteak: Iruñeko ikastetxeetako guraso-elkarteekin hitzaldiak egiten ditugu aldian behin, gurasoek seme-alaben bide-heziketan duten eginkizunaz eta beren jarrerek sortzen duten ereduen garrantziaz ohartarazteko. Hitzaldi hauen osagarri, bertan eskainitako edukiak banatzen ditugu, hitzaldietara agertu ezin izan duten gainerako gurasoei helarazteko guraso-elkartearen bitartez.
  • Sektoreko profesionalak, esate baterako, mezulariak, janari lasterreko banatzaileak, taxilariak, garraiolariak, garraio publikoko gidariak, obretako ibilgailuetako gidariak, etab.

Eskainitako edukiak

  • Udaltzainen bisita: Jarduera hau hiru urteko haurrei zuzentzen zaio bereziki. Jarduera honen helburua haurrek udaltzain uniformatu bat identifikatu eta antzematea da, halako moduz non ikas baitezakete haiengandik ezin dela ezer txarrik espero, eta, are gehiago, arazorik izanez gero hari laguntza eskatzen ahal diotela. Azaltzen zaie, baita ere, Iruña zer den eta udaltzainek nola geldiarazten dituzten autoak eta pertsonak, eta haurrak autoan doazenean atzeko eserlekuan eseri behar dutela, beren aulki berezian, oraindik txikiak badira, eta segurtasun uhala paraturik.
  • Udaltzaingoaren materiala erabiltzea. Jarduera hau lau urteko haurrei dago zuzenduta; helburua da haurrek Udaltzaingoa Udalaren zerbitzu gisara identifikatzea, eta argi uztea edozeinek eskatzen ahal duela zerbitzu hau behar duenean. Baldintza horretatik abiatuta, uniformeen, autoen, sirenen, autoetako konoen eta bestelakoen beharra azalduko diegu. Horretaz gain, material horiek guztiak haurren eskura jarriko ditugu, material horiek herritarren beharrak asetzeko erabiltzen diren elementu normaltzat hartu eta beldurrik eragin ez diezazkien.
  • Ibilbide bat ikastetxearen inguruetan. Jarduera hau 4 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzentzen zaie. Haurrak hirian barna ibiltzea arriskutsua dela ohartaraztea du helburu, eta beren adinean beti pertsona heldu batek lagunduta egin behar dutela ulertaraztea, espaloitik eta, gehienetan, eskutik heduta. Horrez gain, semaforoen eta udaltzainen seinaleak ikastea nahi dugu.
  • Praktikak semaforoen zirkuitu batean. 5 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzendutako jarduera da. Helburua haurrek semaforoak erregulatutako pasabide batetik noiz pasa daitekeen eta noiz ez beren kabuz erabakitzen ikastea da.
  • Praktikak seinaleen zirkuitu batean. 7 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzendutako jarduera da, eta haurrek bizikletan eremu publikotik segurtasunez ibiltzeko zirkulazio-seinalerik garrantzitsuenak ikastea du helburu.
  • Oinezkoen segurtasunari buruzko teoria. Jarduera hau ikasgelan egin behar da, eta 8 eta 10 urte bitarteko haurrei dago zuzenduta. Helburua haurrek hainbat kontzeptu ulertzen hastea da, hala nola, bidea, galtzada, erreia, erdibitzailea, bazterbidea, biribilgunea, gidaria, erabiltzailea, oinezkoa, norabidea eta abar, pertsonen zein ibilgailuen zirkulazioa erregulatzen dituzten arauak eta seinaleak ulergarri egite aldera.
  • Ziklisten segurtasunari buruzko teoria. Jarduera hau 9 eta 11 urte bitarteko ikasleei dago zuzenduta, eta helburua ikasleak ohartaraztea da ziklistak diren aldetik ibilgailu bat (bizikleta) gidatzen dutela; horrenbestez, zirkulazioa erregulatzen duten seinaleei men egin behar diete eta seinale horiek zuzen interpretatu behar dituzte.
  • Hirian barnako bidaia, autobusez. 10 eta 12 urte bitarteko ikasleentzat prestatutako jarduera da hau. Horrekin lortu nahi den helburua da gaztetxoek errealitatean zuzenean ikus dezatela hiriko zirkulazioak arazo eta arriskuak eragin ditzakela, eta seinaleztapena eta zirkulazio arauak zentzuzkoak direla.
  • Bisita Iruñeko Zirkulazioaren Kontrol Gunera. 11 eta 13 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dagoen bisita honen helburua ikasleei gure hiriko zirkulazioa erregulatzeak dakarren zailtasunaz ohartaraztea da, eta, horren ondorioz, adieraztea pertsona askoren lana eta ardura direla beharrezkoak zirkulazioa ahalik eta ordenatuena eta seguruena izan dadin.
  • Ziklomotorretako gidarien segurtasunari buruzko teoria. Jarduera hau 12 eta 14 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta, eta bere helburua da etorkizunean ziklomotorrak gidatuko dituztenei jakitera ematea zer baldintza bete behar diren, ziklomotorrak gidatzeak zer arrisku sortzen dituen, horiei nola aurre egin eta nola eragotzi.
  • Alkohola eta ibilgailuak gidatzeari buruzko teoria. Eskola hau 14 eta 16 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta, eta bere helburua ikasleei jakinaraztea da trafiko istripuak direla gazteen heriotza edo elbarritasuna eragiten duten zio nagusia, eta zirkulazio istripuetan hildako gidarien artean % 50 baino gehiagok alkohola kontsumitu duela legeak baimentzen duen gehienezko tasatik gora.
  • Praktikak Polo parkean. Jarduera hau 8 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteei zuzentzen zaie. Polo parkea Wolkswagen Nafarroa - Nafarroako Kutxa Fundazioarena da, eta SEDENA enpresaren bitartez kudeatzen da. Iruñeko Udalak, Fundazioarekin sinatutako hitzarmen baten bitartez, konpromisoa hartu zuen Parkearen jardueretan zerbitzu bat emateko, eta, hori dela bide, bi udaltzainek eskola teorikoak eta praktikoak eskaintzen dituzte Parkean Nafarroako edozein ikastetxetako ikasleekin irakas-jarduera bat egiten den bakoitzean.
  • Bide Heziketako Taldeko kideetako bat, programako jarduera batean

  • José Mª Huarte Ikastetxe Publikoko ikasleak

Herritarrendako Laguntza

Udaltzaingoa

092
948 420 640

Udala adi duzu

010
948 420 100

Hemen gaude:

Udaltzaingoa
Iratxeko monasterioaren kalea, 2
Udal Garabiaren Biltegia
San Roke k., zk.g.
(Auzitegiko aparkalekua)

Zirkulazioa behatzeko kamerak

Unean uneko zirkulazioa ikusi

© Iruñeko Udala. Udaletxe plaza, zk.g. 31001 - Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 pamplona@pamplona.es