1. Hasi
  2. Herritarrendako laguntza
  3. Galdera ohikoenak

Galdera ohikoenak

Alarma bat jotzen ari da

Jar zaitez gurekin harremanetan, 092 - 948 420 640 telefonora deituta, eta eguneko 24 orduetan erantzunen dizugu. Alarmak hotsik ateratzen ez badu ere, jarri gurekin harremanetan, sutea izateko arriskuari aurre egiteko.

Istripu bat izan da (zirkulaziokoa edo bestelakoa), kalean (edo etxebizitza edo establezimendu batean)

Udaltzaingoaren Atestatuetarako Brigadaren ardura da Iruñeko kaleetan nahiz etxebizitza eta establezimenduetan izaten diren zirkulazio eta bestelako istripuen arta egitea. 092 telefonora eguneko 24 orduetan dei daiteke

Beharrezkoa al da baimena aire edo gas konprimatuko arma bat edukitzeko?

Karabina edo aire konprimatuko pistoletarako arma-txartela eskatu behar da (eskaerak urte osoan zehar egin daitezke).

Eskabidearen inprimakia Guardia Zibilaren egoitzan (Galizia etorbidea, 2) jaso behar da, eta, behin hori beteta, Herritarren Segurtasuneko Alorrean izapidaketaz arduratzen den unitatean (Iratxeko monasterioaren k., 2) aurkeztu behar da, 8:30etik 14:00ra, eta dagokion tasa ordaindu. Behin eskabidea aurkeztuz geroztik astebeteko epea iraganda, eskatzaileak izapidea bideratu duen unitatera jo dezake, txartela jasotzera.

Kalean txakur edo katu bat aurkitu dut abandonaturik, zer egin behar dut?

Deitu Udaltzaingora, 092 - 948 420 640 telefonora, edo jarri harremanetan Animaliak Hartzeko Zentroarekin (zakurtegi oiha). Horko langileek hartuko dute animalia.

Auzokideek zarata gogaikarriak ateratzen dituzte. Non eman dezaket abisua?

Abisua eman, kexa aurkeztu edo salaketa egiteko, dela pertsonek edo animaliek eragindako zaraten edo bestelako enbarazuen gainean dela arriskuren bat atzemana delako, 948 420 989 telefonora deitu behar duzu, 8:00etatik 15:00etara, edo 092ra, eguneko 24 orduen, edozein unetan. Salaketa ahoz aurkezten ahal duzu Udaltzaingoko bulegoetan, edo idatziz, eskabide orokorra beteta, Udaleko Erregistro Orokorrean edo erregistro osagarrietan.

Elurra egin du, eta izotz-plakak egin dira

Jar zaitez Udaltzaingoarekin harremanetan, 092 telefonora deituta. Zure deiari eguneko 24 orduetan erantzungo diogu, eta gatza eramanen dugu kamioetan egoerak hala eskatzen duen lekuetara.

Agiri bat behar dut, Udaltzaingoak ezbehar batean esku hartu duela egiaztatzeko

Istripu batean nahasita egon bazara, Udaltzaingoaren esku-hartzearen gaineko txostenaren kopia eskatzen ahal duzu (Iratxeko monasterioaren k., 2). Eskabide orokor bat edo beste edozein idazki aurkeztu behar duzu, non ibilgailuaren matrikula eta istripuaren data adieraziko baitituzu. Halaber, faxez (948 420666) egindako eskaerei ere erantzuten diegu. Txostenaren kopia ordaindu behar da izapide hori egin duen unitatean.

Nola ordaintzen ahal dut trafiko-isuna?

Isunek % 30eko deskontua dute, 30 egun naturaleko epean ordaintzen badira, salaketa noiz jakinarazi eta hortik aitzina. Deskontuarekin ordaintzeak berekin dakar espedientearen bukaera, bai eta alegazioei uko egitea ere. Isunak Herritarren Segurtasuneko Alorrean ordaindu behar dira (Iratxeko monasterioaren k., 2), astelehenetik ostiralera, 8:30etik 14:30era.

Agentzia Betearazlearen bidezko ordainketa 8 hilabete eta gero egiten da, gutxi gorabehera, salaketa ezarri zen egunetik kontatuta, eta berekin dakartza errekarguak eta interesak. Ordainketa Erriberri kalearen 20ko beheko solairuko bulegoan egiten da, edo, bestela, Iruñeko Udaleko Diruzaintzan. Isunaren ordainketa egin daiteke:

  • eskudirutan
  • posta bidezko igorpena eginez, Udaltzaingoari edo Iruñeko Udaleko Diruzaintzari zuzenduta, espediente-zenbakia, izena eta ibilgailuaren matrikula adierazita
  • kreditu-txartela bidez
  • banku-transferentziaren bidez edo Iruñeko Udalaren kontuan dirua sartuta, kontzeptuan espediente-zenbakia eta ibilgailuaren matrikula adierazita

Ez badakizu zein den espedientearen zenbakia, matrikula eta isunaren data adierazi.

Deskargu-orria aurkeztu nahi dut, Udaleko trafiko-isuna dela medio

Alegazioa edo deskargu-orria salaketaren jakinarazpena jaso eta 15 egun balioduneko epean aurkeztu behar da. Eskabide orokorra bete behar duzu, edo bestela, deskargu-orriaren idazki-eredua –zeina izapidea egiten duen unitatean bertan emanen baitizute–, edo beste edozein idazki. Alegazioa Herritarren Segurtasuneko Alorrean aurkeztu behar da, edo, bestela, beste edozein erregistrotan.

Zer agiri aurkeztu behar dut ibilgailua garabi-zerbitzutik erretiratzeko?

NANa, ibilgailuaren nahitaezko asegurua eta IAT gainditu izanaren frogagiria. Horretaz gain, tarifa ordaindu behar duzu ibilgailua erretiratzeagatik eta, behar izatera, hura zaintzeagatik, eskudirutan edo txartel bidez ordaindu ere. Ibilgailuak erretiratzeko zerbitzua gauez eta egunez dago irekita (24 ordu).

Nola eskuratzen ahal dut aparkatzeko toki bat, udal-aparkalekuetan?

Udalak lehiaketa publiko bidez ematen dizkie aparkalekuen ustiapena eta kudeaketa halakorik eskatzen duten enpresei. Enpresek udal-emakidak eskuratzen dituzte, aparkalekuen kokagune diren lursailei dagokienez.

Udal-aparkalekuak kasuan kasuko aparkalekua non den eta alde horretan bizi diren lagunendako dira. Bi modalitate daude aparkalekuen erabilerari begira: hainbat urtetan erabiltzeko eskubidearen lagapena eta hileko kontratua.

Interesik baduzu, jo ezazu udal-aparkalekua kudeatzen duen enpresara, Dornier-era (Eskirotz k., 30, atzealdea). Hona jendaurreko ordutegia: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 18:00etara.

Denda baten zamalanetarako tokia erreserbatu behar dut hirian. Nola egin dezaket?

Iruñeko dendetarako zamalanetako tokia erreserbatzeko eskaerak Udaleko edozein erregistrotan aurkez daitezke. Erreserba publikoa bada, ez partikularren aldekoa, doan egiten da. Erreserba erabilera partikularrerakoa bada, kasuan kasuko tarifa ordaindu behar da. Ordutegia mugatua bada, prezioa % 25 murrizten da.

Argibide gehiago nahi izanez gero, deitu 010 telefonora edo kontsultatu udalaren webgunea.

Nola daude seinaleztaturik zamalanetarako aldeak?

Alde Zaharrean eta Zabalguneetan zamalanetarako aldeak urdinez eta horiz dira margotuak; gainerako auzoetan –Azpilagañan, Milagrosan, Mendillorrin, Txantrean, Arrotxapean, Sanduzelain, Donibanen, Iturraman eta Mendebaldean– horiz margotuak dira. Argibiderik nahi baduzu zamalanetarako aldeen kokagune diren kale eta zenbakiei buruz, jar zaitez gurekin harremanetan 010/948 420 100 telefono zenbakietan edo webgunean kontsultatu Iruñeko Udalaren webgunea.

Minusbaliatua naiz, eta ibilgailua eremu publikoan aparkatzeko toki bat eskatu nahi dut

Eskaera Udaltzaingoko Bide Kontrol eta Segurtasuneko Brigadan aurkeztu behar duzu, edo bestela, Udaleko edozein erregistrotan. Zuk zeuk egiten ahal duzu, edo zure ordez beste edonor bidali. Eskabide-orri orokorra aurkeztu behar duzu, bertan zure helbidea adierazita, eta harekin batera, elbarritasun-egiaztagiria.

Zer sistema dago kalean pertsona minusbaliatuen ibilgailuak aparkatzeko?

Aparkatzeko txartelarekin honako aukera hauek izanen dituzu:

  • Oinezkoendako eremuetako zirkulazio- eta aparkatze-mugek ez zaituzte eragingo.
  • Ezintasunen batek joak diren pertsonendako aparkalekuetan erreserbatutako toki publikoetan aparkatu ahal izanen duzu.
  • Ibilgailua eremu publikoan geratu ahal izanen duzu, behar-beharrezkoa duzun bitartean eta, betiere, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioa galarazi gabe.
  • Aparkatzeko toki erreserbatu bat eskatzen ahalko duzu zure etxetik, lantokitik edo ikastetxetik gertu.

Bestetik, ezintasunen bat edo mugikortasuna murriztua duten pertsonen garraio kolektiborako ibilgailu baten gidaria izanez gero, dagokizun aparkatzeko txartela eskatzen ahal duzu.

Baimenik behar al dut eskola-garraiorako?

Iruñeko Udalaren mugapean bakarrik ibiltzen diren eskola-garraioko zerbitzuek baimen berezi bat behar dute. Eskabidea Herritarren Segurtasuneko Alorrean aurkeztu behar duzu, edo, bestela, Udaleko edozein erregistrotan, betiere behar diren agiriak erantsita.

Ba al da kamioietarako aparkalekurik hiriaren barnean?

Iruñean ez dago toki onarturik kamioiak aparkatzeko. Garraioaren hirian edo Udalaren mugapetik at aparkatu behar dira.

Material arriskugarria garraiatu behar dut hirian barna.

Baimena eskatu behar duzu bidaia bat egin behar duzun bakoitzean. Udaltzainek garraioa lagunduko dute. Eskabidea Herritarren Segurtasuneko Alorrean aurkeztu behar duzu. Zerbitzua ordainpekoa da.

Nola eskatzen ahal dut Udaltzaingoaren zaintza garraio-ibilgailu handi batekin hirian barna zirkulatzeko?

Edozein ordutan (24 orduz) eskatzen ahal duzu Udaltzaingoaren laguntza, 092 telefonora deituta. Zerbitzua ordainpekoa da.

Zirkulazio-seinale bat erori da (edo semaforo bat ez dabil)

010/948 420 100 telefonoan edo Herritarren Segurtasuneko Alorrean jasoko ditugu zure kexa, erreklamazio, eskaera eta iradokizunak (Iratxeko monasterioaren k., 2). Guregana jotzeko, eskabide-orri orokorra aurkez dezakezu, edo, bestela, idazki bat. Afera premiazkoa bada, 092 telefonora dei dezakezu edozein ordutan (24 orduko zerbitzua).

Nora jo behar dut beste semaforo bat jartzeko proposatzeko?

Idazki bat egin ahal duzu, Hiritarren Segurtasuneko Alorrera zuzenduta, eta bertan adierazi non paratu behar den, zure ustez, semaforoa.

Nafarroako Autobideen erabiltzaile-txartela eskatu nahi dut

Horren bulegoetara jo behar duzu (Rodezno Kondearen plaza, 8, 7. sol.) , astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara.

Objektu edo agiri bat galdu dut kalean

Iruñeko Udaleko Objektu galduen bulegoa Herritarren Segurtasuneko Alorrean dago (Iratxeko Monasterioaren k., 2).

Galdutako objektua bulegoan jasota dagoen jakiteko, 948 420 612 telefonora deitu eta objektua deskriba ezazu. Galdutakoak agiri pertsonalak badira, ahal izanez gero telefonoz abisatuko diegu titularrei. Atzerritarren kasuan, posta ziurtatuaren bitartez igorriko ditugu, jaso izanaren adierazpenarekin. Galdutako objektua jasotzeko, interesdunak berea dela egiaztatu beharko du.

Bulego honek 8:30etik 14:30era bitarte jarduten du, astelehenetik ostiralera. Sanferminetan, bulegoa eguneko 24 orduetan egoten da irekita.

Kreditu-txartelak, dirua, sakelakoa... lapurtu dizkidate. Zer egin behar dut?

Udaltzaingoaren salaketa-bulegora joan (Iratxeko monasterioaren k., 2). Eguneko 24 orduetan irekita dago. Udaltzaingoa arduratuko da gertatu dena ikertzeaz, eta, salaketaren kopiaz baliatuta, finantza-entitateetan galdetzen ahalko duzu ea zure txartelak erabili dituzten.

Herritarrendako Laguntza

Udaltzaingoa

092
948 420 640

Udala adi duzu

010
948 420 100

Hemen gaude:

Udaltzaingoa
Iratxeko monasterioaren kalea, 2
Udal Garabiaren Biltegia
San Roke k., zk.g.
(Auzitegiko aparkalekua)

Zirkulazioa behatzeko kamerak

Unean uneko zirkulazioa ikusi

© Iruñeko Udala. Udaletxe plaza, zk.g. 31001 - Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 pamplona@pamplona.es