1. Hasi
  2. Udaltzaingoa
  3. Bide segurtasuna
  4. Atestatuak

Atestatuak

Arta ematea istripuetan eta zirkulazio-atestatuak egitea

Istripu baten berri izatean, Udaltzaingoak hurbilen dagoen patruila mobilizatzen du ondoko ardurak har ditzan: zaurituak artatzea larrialdietarako osasun-zerbitzuak iritsi arte, zirkulazioaren eta istripua izan dutenen segurtasuna bermatzea eta egitateak non gertatu eta toki hori babestea atestatu-taldea iritsi arte.

Istripu bakoitzari buruz, Prebentzio-eginbideak izeneko agiria egiten da, non udaltzainek gertatutakoaren gainean bildu duten informazio guztia jasota geratzen baita.

Laguntza 2.500 zirkulazio-istripu ingurutan, eta bide-segurtasunaren aurkako 400 delitutik gora egotzita

Zirkulazio-istripuei buruz txostenak eta atestatuak egitea da Bide Segurtasuneko Atestatu Taldeak duen eginkizun nagusia.

Zirkulazio-istripuak ustekabean eta bat-batean gertatzen dira, akats batek edo zuhurtziarik ezak eraginda, eta kalteak sortu ohi dituzte ondasunetan, eta lesioak, pertsonengan. Hori dela-eta, munta handikoak izaten dira istripu-eragileek beren gain hartu behar dituzten lege-inplikazioak, eta gerta daiteke horren ondorioz erantzukizun penal oso larriak dakartzaten delituak egoztea. Atestatua egitea erabakigarria izaten da prozesuaren gainean ebazteko, hori baita epaileek eta fiskalek duten froga-iturririk garrantzitsuenetako bat.

Prebentzio-eginbideetan jasotako informazioa oinarri hartuta, Udaltzaingoaren atestatu-taldeak txosten tekniko bat egiten du ondokoak jasota: egitatea non gertatu eta toki horren deskribapena, eragindako lesioak eta kalteak –halakorik balitz–, eta istripuaren gaineko ahalik eta deskribapen zehatzena. Lege-haustea gertatu delako zantzurik izanez gero, eginbideek berez atestatu bat osatzen dute, eta epaitegia izaten da beren azken helmuga.

Halaber, atestatu-taldeak Iruñeko bide-segurtasunaren egoerari segimendua egiteko eginkizuna dauka, horretarako azterlanak eginez istripuen eta zirkulazio-istripuak jasaten dituzten pertsona-kopuruaren gainean. Horrenbestez, azterlanak egiten dira istripuetan zauritutakoak eta hurrengo 30 egunetan duten bilakaera jomuga harturik. Horrek posible egiten du zirkulazio-istripuek ukitutako pertsona-kopurua ezagutu eta aholkularitza ematea biktimei eta beren familiakoei.

12.000 etilometria eta droga-kontrol inguru

Iruñeko Udaltzaingoak urtean 11.000 etilometriatik gora egiten ditu, dela arau-hausteak edo zirkulazio-istripuak gertatu eta gero, dela prebentzio-kontroletan. Urtean, 1.000 etilometriatan eta 50 droga-kontroletan emaitza positiboa izaten da.

Arau-hauste bat ikusten duen edo norbaitek edari baten eraginpean gidatzen duelako zantzurik atzematen duen edozein udaltzainek ahalmena dauka etilometria-proba egiteko gailu-eramangarriekin.

Istripu bat gertatuz gero, horretan nahasita dauden guztiei eginen zaie etilometria-proba. Horrez gain, gidariari edo istripuan nahasita dauden pertsona guztiei drogak atzemateko proba egiten ahalko zaie, betiere halako substantziak hartu izanaren zantzurik egonez gero.

Alkoholemia-kontrol prebentiboak bide-segurtasuneko taldeak egiten ditu, bereziki problematikoak diren orduetan eta tokietan. Dena dela, ausazko kontrolak ere egiten dira.

25 atestatu inguru urtean lan-istripuek eraginda

Udaltzaingoak, halaber, lan-istripuek eragindako atestatuetan esku hartzeko ardura dauka. Halako kasuetan, espedienteak Lan Ministerioarekin eta Nafarroako Gobernuko Nafarroako Lan Osasuneko Institutuarekin batera bideratu dira.

Espainian, Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren Testu Bateginaren 115. artikuluaren arabera, honela zehazten da lan-istripuaren definizioa: langile batek egiten duen lanagatik edo lanaren ondorioz jasandako gorputz-lesio oro, betiere lana besteren kontura egiten duelarik. 2005.az geroztik, lan-istripuen definizioak langile autonomoak ere hartzen ditu barne, baldin eta lehenago Gizarte Segurantzari hala eskatu eta dagozkien gizarte-kuotak ordaintzen badituzte.

  • Etilometria bat Udaltzaingoaren Komisaldegian

  • Etilometria bat atestatu-furgoian

  • Etilometria-indizea neurtzeko gailua, atestatu-taldearen bulegoetan

Herritarrendako Laguntza

Udaltzaingoa

092
948 420 640

Udala adi duzu

010
948 420 100

Hemen gaude:

Udaltzaingoa
Iratxeko monasterioaren kalea, 2
Udal Garabiaren Biltegia
San Roke k., zk.g.
(Auzitegiko aparkalekua)

Zirkulazioa behatzeko kamerak

Unean uneko zirkulazioa ikusi

© Iruñeko Udala. Udaletxe plaza, zk.g. 31001 - Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 pamplona@pamplona.es